Onddo xilofago

Zur hondatua, Serpula lacrymans onddoak eragina (usteldura arre mota bat).

Onddo xilofagoak edo lignikolak zura digeritzeko gai diren onddoak dira, eta ondorioz deskonposizio fungikoa edo zuraren usteldura eragin. Onddo-espezie batzuk materia organiko hiletik elikatzen dira eta beste batzuk ordea, bizkarroiak dira eta zuhaitz biziak kolonizatzen dituzte, esate baterako, Armillaria generoak. Gehiegizko hezetasunari esker, egurrak zuntz asetasun-puntua bereganatzen du; eta horrela, onddoen kolonizazioa eta proliferazioa baimendu daiteke. Zura gainean hazten diren edo zurean barneratzen diren onddoei, eta ondoren, honen usteldura eragiten duten onddoei, onddo-lignikola bezala ezagutzen zaie. Naturan, prozesu honek molekula organikoen apurketa eragiten du, eta horrez gain, lurzoruaren emankortasuna emendatzen da, lurzoruak oinarrizko mantenugaiak berreskuratzen dituelako.

Onddo-lignikolek egurra kontsumitzeko modu desberdinak erabiltzen dituzte; adibidez, onddo batzuk zuraren karbohidratoak degradatzen dituzte eta beste batzuk aldiz, lignina degradatzeko gai dira. Onddo-lignikolak, eurek eragiten duten usteldura-motaren arabera sailkatzen dira; usteldura-marroia, usteldura-leuna eta usteldura-zuria, hobeto ezagutzen diren usteldura-motak izanik. Usteldura bakoitzean onddoek ekoizten dituzten digestio-entzimek landare-osagai ezberdinak degrada dezakete eta horren arabera, nitxo ekologiko desberdinak kolonizatzeko gai dira. Deskonposizio fungikoaren ondorioz sorturiko produktuek pH, disolbagarritasun eta erredox-potentzial aldakorrak dituzte. Denboraren poderioz, produktu hauek apurka-apurka lurzoruan eta sedimentuan metatuko dira, eta horrek eskualde horretako ingurunean eragin zuzena izango du.[1]

  1. Shortle, Walter C.; Dudzik, Kenneth R.. (2012). Wood decay in living and dead trees: A pictorial overview. (Noiz kontsultatua: 2019-01-23).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy